Ahalik eta etekin ekonomiko gehien, eta ahalik eta azkarren, lortzea dute helburu ohiko entitate eta eragile finantzarioek. Etekin maximoa lortzeko jarrera hori ezaguna egiten zaigu.

Halaber, hainbat ondorio negatibo sortzen ditu. Hala nola, giza eskubideen urraketak edota ingurune ekologikoa hondatzea, bi aipatzearren.

Finantza etikoak mugimendu sozialetatik sortu dira, mugimendu bakezale eta ekologistetatik. Horien helburua da jendartearen egonezinari erantzuna ematea. Izan ere, pertsona, enpresa edo entitate askok ez zuten nahi euren diruarekin gustuko ez zituzten jarduerak finantzatzea, horien kontra borrokatzen baitira.Finantza etikoek, beraz, “nire diruarekin ez” ideia dute oinarri. Ideia hori “nire diruarekin bai” izatera pasatu zen gero. Hala, bankako erremintak erabiliz, jendartea modu positiboa garatzeko entitate finantzarioak sustatzen hasi ziren.

Finantza etikoen indarra bere sinpletasunean dago. Eguneroko aurrezki eta inbertsio erabakietan etika txertatzea besterik ez da.

Ikuspegi horrek erabat aldatzen ditu motibazioak, helburuak eta bitartekaritza finantzarioak. Banka tradizionalarekin alderatuta argi ikusten da ikuspegi berri hori. Bitartekaritza finantzarioa pertsonen zerbitzura dagoen tresna bezala ikusten dugu, ez negozioa egiteko erreminta gisa. Diruaren balio soziala berreskuratzean datza gakoa.

Laburbilduz, paradigmak haustea da asmoa:

  • Entitate finantzarioaren papera gure jendartean: halako batek paper garrantzitsua eta onuragarria joka dezake jendartearen garapen sozial eta humanorako.
  • Finantza etikoen helburuak: ez da asmoa ahalik eta etekin gehien lortzea, jendartearen zerbitzura dagoen tresna izatea baizik.
  • Jabetzaren egitura: entitate finantzarioak entitate demokratiko bihurtu, “pertsona bat, bozka bat” logika jarraituz.
  • Gardentasuna: opakutasuna nagusi den sektore batean, finantza etikoek gardentasuna dute oinarri. Denek dakite euren dirua nora eta zertarako doan.