Bar Dijous Bartzelonako Consell de Cent kalean kokatutako jatetxe-kooperatiba proiektua da. Kale hori hiriko erdiguneko ardatz nagusietako bat da, eta gaur egun gentrifikazio prozesu bizi batean murgilduta dago. Eraldaketa horren erdian, pertsona talde batek bestelako espazio bat sortu nahi izan zuen: Kataluniako sukaldaritza tradizionaleko errezetak berreskuratuko zituen jatetxe bat, auzoan eta inguruko komunitatean sustraitua.
Bar Dijous lan-kooperatiba bat da, eta gaur egun bi bazkide langile eta hamasei bazkide laguntzaile ditu. Azken horietako gehienak lurraldeko oinarrizko gizarte-mugimenduekin lotuta daude. Horrez gain, ehun pertsonatik gorako babes-komunitarioa dute; proiektua bermatzen eta babesten dute ekarpen ekonomiko txikien bidez, jarduerak antolatuz edo proiektua zabaltzen lagunduz.
Menuaz harago, Bar Dijousek auzorako topagune izan nahi du: kafe bat hartzeko, esertzeko eta auzokideekin lasai hitz egiteko gunea, hurbileko merkataritza gero eta urriagoa den kale batean. Proiektuko kideen esanetan, gauzak egiteko beste modu baten aldeko apustua da, ingurua nagusiki kontrolatzen duten ostalaritza-talde handien jardunetik urrun.
Coop57ren finantzaketari esker —120.000 euroko inbertsio-mailegua, 10 urterako, eta lehen hilabeteetako diruzaintza-beharrak estaltzeko 40.000 euroko kreditu-poliza—, kooperatibak lokala bere gain hartu eta edukiera handitzeko nahiz sukaldea berritzeko beharrezko obrak egin ahal izan zituen. Proiektuko arduradunen arabera, finantzaketa hori gabe ezinezkoa izango zen pausoa ematea: "Coop57ren maileguari esker existitzen gara, funtsean".
Bestalde, proiektutik Coop57ren crowdfunding tresna gisa duen eginkizuna ere azpimarratzen dute. Izan ere, maileguek bazkide-komunitate baten bermea izateak ematen dio, haien ustez, benetako zentzua finantzaketa etikoaren eredu honi.




