Kooperatibismoak urte asko daramatza martxan Palestinan, Zisjordaniako landa-eremuetan batez ere.
 
Elkarte-eredua oso zabalduta dago, antolatzeko modu kolektiboa delako eta, beraz, aurre egiten laguntzen diolako mugitzeko arazoak, zerbitzuetara jotzeko ezintasuna, lan-aukera urriak eta abar dituzten pertsonek jasaten duten isolamenduari. Era berean, oso tresna garrantzitsua da emakumeenganako diskriminazioaren aurkako borrokan, kooperatiba mistoez gain (gizonek eta emakumeek osatutakoez gain), emakumeek soilik osatutako kooperatiba-ereduak baitaude. Hori lehen urratsa da emakumea eremu publikoan eta lan-merkatuan presente egoteko, eta oso garrantzitsutzat dute Palestina moduko gizarte patriarkal batean.
 
Kooperatiba-eredua eta lorpen horiek guztiak gorabehera, oraindik ere lan handia dute aurretik. Adibide bat jartzearren, oso eskasak dira ekintzailetza-taldeek eta kooperatibek merkaturatzeko eta merkataritza-jarduerak garatzeko dituzten aukerak, eskasak dira azpiegiturak eta ez da errespetatzen kooperatibetan erabakiak hartzeko partaidetza demokratikoa.
 
Hori guztia kontuan hartuta eta gure ekarpena egiteko asmoz, maiatzaren 26an, bilera bat egin genuen Bakearen aldeko Lankidetza Batzarrarekin. Iruñeko GGKE honek lankidetza-proiektu bat du abian Palestinarekin. Proiektu horren baitan, zenbait bilera aurreikusi dira Cooperative Work Agency-ren (CWAren) –agentzia hau Palestinako ministerioetatik independentea da eta kooperatiba palestinarrak koordinatzen ditu– eta Nafarroako hainbat eragileren artean, CWAk Palestinan egiten duen lana hobetzeko ezagutzak emateko.
 
Bakearen aldeko Lankidetza Batzarra Koop57rekin harremanetan jarri zen finantza-zerbitzu etiko eta solidarioen kooperatiba delako eta gure funtzionamendua, xedea eta zerbitzuak ezagutu nahi zituelako. CWAk funts kooperatibo bat jarri nahi du martxan, Palestinako kooperatibei finantza-zerbitzuak emateko eta, horretarako, beste eragile batzuen informazioa behar du. Beraz, gure lan egiteko moduaz galdetzeaz gain, Palestinan lankidetzan aritzeko ideiari buruz zein iritzi dugun ere galdetu ziguten.
 
Lehen bilera horren ondoren, eta Coop57 azaldu ostean, CWAk interes handia du gure jardueran, eta gure lan egiteko moduan sakondu nahi du. Hori dela eta, beste bilera bat egingo dugu aurrerago, Palestinan ekonomia justu eta solidarioago bat eraikitzeko gure aletxoa ematen jarraitzeko.
 
Sale en portada general: