Coop57ren lan egiteko modua da alderdi ekonomikoa eta soziala uztartzea, emaitza praktiko eta errealak sortzeko. Lehen sektoreari dagokionean, beharrezko ikusten du eremu ekonomiko hori garatzea, funtsezkoa baita gizarte orekatua eta bidezkoa bultzatzeko. Elikadura-burujabetzari merezi duen zentralitatea eta protagonismoa eman behar zaio.
 
Ekonomia sozial eraldatzailearen (ESEren) printzipioei jarraituz, apustu berezia egin du Coop57k: lehen sektoreari laguntzea, irtenbide praktikoak ematea, eta elikaduraren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta bidezko merkataritzaren arloak sustatzea. 
 
Coop57rentzat oso garrantzitsua da lehen sektorea, ezinbestekoa delako bizitza sostengatzeko eta lurralde bizia, antolatua eta babestua lortzeko. Lurraldeak ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman justuak bultzatu behar ditu, eta harreman hori modu iraunkorrean, errespetuz, lurraldean sustraituta eta etorkizunera begira egin behar da, guztia merkantilizatzen duen sistema depredatzaile honi alternatibak eraikitzeko.
 
Hori guztia kontuan hartuta, eta ESEk defendatzen duen bezala, lehen sektorean oinarri demokratikoak eta tokikoak dituen ekonomia eraikitzeko lanean ari da Coop57. Oinarriok pertsonak erdigunean jartzea eta
sortutako ondasun eta zerbitzuek oinarrizko beharrak asetzea izan behar dute helburu. 
 
Mugimendu agroekologikoa eta ESE
 
Azkenaldian, mugimendu agroekologikoak bete ditu mugimendu sozialaren eta ESEren agendak. COVID-19aren pandemiak agerian utzi du paradoxikoki ahaztu zaigun zerbait: elikadura funtsezkoa dela bizitzeko, nahiz eta sistema kapitalista hau bizitza merkantilizatzen tematu, eta kalteberatasun handieneko pertsona eta lurraldeei bizitza duina izatea eragotzi. 
 
Osasun- eta gizarte-krisiaren ondorioz, hainbat elkartasun-proiektu jarri dira abian pertsonen bizitzak hobetzeko. Berez eta definizioz, ESEk eta haren praktikek kapitalismoari aurre egin eta alternatibak sortzen dituzte. Ez da harritzekoa, beraz, agroekologismoa eta ESE elkarrekin lanean aritzea. 
 
Hori guztia, “ESE burbuila” delakoa puztuta dagoela pentsa litekeen unean bertan gertatzen ari da. Erne egon behar dugu, mugimendu eta borroka agroekologikoak ez xurgatzeko: bakoitzaren autonomia eta ekintza-eremuak zaindu behar dira. Zentzu zabalean, bi mugimendu horiek beren buruaren biktima izan daitezke, sozialki kokatzeko nahiak bultzatuta: gaur egun, agroekologikoa eta ESEkoa izateak balioa, estatus soziala eta baliabideak mobilizatzeko aukera ematen du, eta badu bere merkataritza-balioa ere.
 
Agroekologiaren alde egiteko arrazoi anitzen artean, baliteke batzuk norbanakoak edo gremioak bultzatuta aukeratzea, eta ez halabeharrez lurraldekotasunak bultzatuta. Horren adibide da elikadura agroekologikoaren
ikuspegi hedonista: norberaren gorputza eta norberaren osasuna har ditzake oinarri, benetako konpromiso eta elkartasunetik harago.
 
Hala, berriz ageri da betiko tranpa kapitalistan erortzeko arriskua: merkantilizatu daitezkeen balio berriak eta eskaera sortzea. Horren adibide dira elikagai osasungarriak, “eko” eta “kilometro zero” produktuak eskaintzen dituzten proiektuek atzean ezkutatzen dituzten hainbat gentrifikazio-prozesu. 
 
Elikadura-kontsumo kontziente eta kritikoa ekintza politikoa ere bada. Baina eraldaketa agroekologikoa kontsumo kontzientera mugatzen badugu, oinarrizko eskubide eta baldintza biologiko gisa babestearen aurka egin dezake. Nekazarien kapitalizazioak eta erregai fosilen erabilera handitzeak zatiketa historikoa eragin dute bi errealitateren artean: errealitate «landatarraren» eta «hiritarraren» artean. 
 
Beraz, inozoa dirudi pentsatzea, eta ausartegia ere bai, merkatuak sortzen duen arazoari merkatuak berak emango diola irtenbidea. Gure eskuek behar dute izan ekonomia eraldatzailearen «kapitala».
 
Agroekologiak eta ESEk tokiko, eskualdeko eta mundko jasangarritasunaren alde egingo dute, baldin eta antikapitalistak izateko gai badira, eta lurraldeen arteko kontratu soziala berreraikitzeko gai badira, konpromisoa, elkartasuna, eta plangintza eta ekintza bateratua oinarri hartuta. Agroekologiaren eta ekonomia eraldatzailearen batasuna gizartea eraldatu eta jabetzeko benetako espazioa izan dadin, errotik babestu behar dira behetik gorako norabidea eta periferiatik —landa eremua— erdigunerakoa —hiria—.
Sale en portada general: