
Quesoni lan-kooperatiba bat da, eta bere jarduera ekonomia sozial eraldatzailearen esparruan garatzen du, kulturaren munduko ekoizpen-harremanak eraldatzeko helburuarekin. Arlo ezberdinetan lan egiten du: ekitaldien kudeaketa, kultur programazioa, arte zerbitzuak eta soinu, argiztapen eta ikus entzunezko zerbitzu teknikoak.
2016tik, Quesoni Coop57ko bazkidea da, eta urte hauetan hainbat mailegu jaso ditu. Berriki, Coop57k 100.000 euroko inbertsio-mailegua eman dio, kooperatibaren ekipamendu teknikoak berritzeko helburuarekin.

Quesonik elkarlan kooperatiboaren aldeko apustu garbia egiten du, balioak partekatzen dituen proiektuekin batera. Xarxa d’Economia Solidària (XES) eta CulturaCoop (FCTC) sareetako partaide da, eta kultura herrikoiaren eta ekonomia sozial eraldatzailearen hainbat ekitalditan parte hartzen du. Adibidez, iaz, beste entitate batzuekin batera, kataluniar kooperatibismoaren 125. urteurreneko kontzertuaren koordinazioa bere gain hartu zuen.
Proiektu sendoa da, eskarmentu handikoa, eta kooperatibismoa konfiantzaren berme izan daitekeela erakusten du, baita kulturaren zerbitzura dagoen, lurraldean errotua eta eraldaketa sozialerako bokazioa duen eredu kooperatiboa sendotu daitekeela ere bai.

Esperientzia berritzaile gisa El Afluent eta Sala Upload kooperatibekin batera egiten duen Paral·lel 62 aretoaren kudeaketa aipatu behar da. Coop57k laguntza ekonomikoa ere eman du Bartzelonako Paral·lel auzoan kokatutako espazio esanguratsu hau elkarlan kooperatiboan kudeatu ahal izateko.
Paral·lel 62 musikarako gune bat da, beste diziplina artistiko batzuei ere irekia, eta kudeaketa partekatuaren ereduarekin funtzionatzen du. Eredu honek aukera berriak eskaintzen dizkio kultura-sektoreari, inguruko lurraldeari eta ekonomia sozial eraldatzaileko proposamenei. Kudeaketa-ereduak auzoko entitate eta elkarteekin koordinazioa barne hartzen du, baita ekonomia eraldatzailearen aldeko apustua egiten duten beste eragile batzuekin ere.
Paral·lel 62k erreferente bihurtzea lortu du Bartzelonako programazio eta ekoizpen zentro gisa, ikuspegi komunitario eta kooperatiboan oinarritutako proposamen artistiko eta kulturalak bultzatuz.




