Etxebizitza-eskubidea erdigunean jartzen duten alternatibak eraikitzen laguntzeko apustua egin du Coop57k, higiezinen espekulaziotik kanpo eta erabilera-lagapena oinarri hartuta. Etxebizitza partekatzeaz harago, eredu kapitalistatik ateratzen dena sustatzea da helburua, merkatuaren logiketatik ihes egingo duten eredu desberdinak sortzeko.
 
Etxebizitza kooperatiboa inspiratu zuen lehen ekimenetako bat Cal Cases proiektua izan zen, Coop57ren etxebizitza sektoreko lehen zerbitzu-bazkidea. Proiektu horren ardatza zen etxebizitza erabilera-lagapenaren bidez eskuratzea eta bizikidetza-komunitateak sortzea. Bazkide horren etorrerarekin piztu zen Coop57ren finantza-zerbitzu etiko eta solidarioetan etxebizitza kooperatiboen proiektuak sustatzeko eta errealitate bihurtzeko moduak irudikatzeko borondatea.
 
Etxebizitzaren sektoreari emandako lehenengo mailegua 2017an eman zuen Coop57k, Cal Met, SCCL sozietateari, hain zuen. Ondoren, Bartzelonako erdigune historikoan eraikin bat birgaittzeko etxebizitza kooperatiboko proiektua finantzatu zuen: Sostre Cívic kooperatibaren Princesa 49, 2018an. Eta urte hartan bertan, La Borda, SCCL sozietateari mailegua eman zitzaion, Bartzelonako Sants auzoan zurezko
eraikina, egun arkitektura jasangarriaren intsignia, eraikitzeko.
 
2017az geroztik, hamabost etxebizitza kooperatiboko proiektu finantzatu ditu Coop57k eta, denetara, 5 milioi eurotik gora bideratu dira. Askotarikoak dira maileguak jaso dituzten kooperatibak:
batzuk hirikoak dira eta biztanle-dentsitate handiko erdiguneetan daude kokatuta ―Bartzelonan, esaterako, duela gutxi eratutako La Chalmeta-Llar Jove, La Marina del Prat Vermell auzoan―, eta beste batzuk despopulatutako eremuetan ezarritako landa-proiektuak dira.
 
Landa-mundua biziberritzea eta ondare historikoa berreskuratzea
 
Envall, SCCL proiektua izen bereko herrian dago kokatuta, Vall Foscan (Kataluniako Pirinioak). Kooperatiba horrek herria demografiaren, arkitekturaren eta sozioekonomiaren ikuspegitik biziberritzea
du helburu, hogeita hamar urtez abandonatuta egon ondoren. 
 
Envall proiektua bezala, badira Kataluniako ondare arkitektonikoa berreskuratzeko etxebizitza kooperatiboko beste ekimen batzuk landa-eremuan. Horren adibide dira Viure Juntes, SCCL proiektua, Rofesen (Llacuna udalerrian) Masia Cal Valls-en kokatuta, edo Sostre Cívic-ek bultzatutako El Turrós proiektua, Argegalerren (La Garrotxa) mas bat berreskuratu duena. Bi proiektuok etxebizitzaz haragoko ekimenak garatzeko lursailak eta espazioa dauzkate, eta energia-autohornikuntza eta agroekologia izango dute jomuga. Zerrenda horren beste adibide bat da Poc a Coop, SCCL sozietatearen Masia Can Servitge,
Vallfornosan, Bages eskualdean.
 
Ildo horretatik, CoopGabarra, SCCL kontsumo-kooperatiba finantzatu da, bizitza kolektiboko proiektu bat eta programa kultural, artistiko eta komunitarioa zabaltzeko Can Gabarran. 
 
Proiektua XVI. mendeko masia batek eta 1926ko etxe modernista batek osatzen dute, eta bi eraikinak Bartzelonako Diputazioak landa-ondare izendatu ditu. Gainera, Can Parera de Canyes, SCCL sozietateari mailegua eman zaio 2021ean, izen bera duen masia historikoa eskuratzeko. Masia oso ondo kontserbatuta dago eta ate dobelatuko fatxada eta eguzki-erlojua ditu. Gaur egungo eraikina XVI. mendean eraiki zen, baina 950. urtekoak dira mas delakoaren hastapenak. Etxebizitza-proiektua ez ezik, proiektu ekonomikoa ere garatu nahi da. 
 
 
Proiektuen beharretara egokitutako erantzuna
 
Oso kasu bereziak daude, Vallbona d’Anoiako fabrika-esparru zahar bat berreskuratzea kasu. Calafou 2011n eratu zen kooperatiba-proiektu gisa, eta kolonia ekoindustrial postkapitalista da, webgunean adierazten dutenaren arabera. Berrikuntza sozial, teknologiko eta politikoaren aldeko gune bihurtu da, autoerantzukizunean eta lankidetzan oinarrituta. 
 
Proiektu batzuek gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonentzako etxebizitza duina bermatzea dute helburu, Llars Familiars HSJ, SCCL proiektuak kasu. Coop57k etxebizitza sozialeko hiru ekimen finantzatu ditu Reusen, bereziki guraso bakarreko familientzat. 
 
Azkenik, Coop57 bereganatzen joan den esperientziaren bidez, Sòl Comunitari ekimena jarri zen abian. Jarduera-ildo hori 2019an abiatu zen, aurrez lan handia egin ondoren, gizarte- edota ingurumen-eduki handiko ondarea desmerkantilizatzeko eta sozializatzeko, hala komunitatearen eta ekonomia sozial eraldatzailearen alde lurzoruak eskuratu eta horiek kudeatzeko. Hona hemen adibide 
batzuk: Can Bofill, Bartzelonako Collserola mendilerroan dagoen lursail zabala, eta La Titaranya, Vallsen.
 
Bigarren kasu horretan, zenbait finka eskuratu dira Vallseko gune historikoan ―Vallseko alde zaharra, gizartearen eta hirigintzaren ikuspegitik, Kataluniako gune degradatuenetakoa da―. Eraikinak birgaitzen ari dira, eta erabilera-lagapeneko etxebizitzak eta hogei bat elkarteren eta ekonomia sozial eraldatzaileko erakundeen egoitza soziala eraikitzen. Proiektu hau La Dinamorekin elkarlanean egin da, eta lankidetza horri esker, jabetzaren titularkidetasuna gauzatu ahal izan da.
 
Amaitzeko, ez dugu ahaztu behar finantziazioa jaso duten etxebizitzakooperatibez gain, Coop57n sektore horretako hogei zerbitzu-bazkide daudela, Katalunia, Aragoi, Madril eta Euskal Herriko lurralde-sailetan. Proiektuak fase desberdinetan daude, ibilbide luzeagoa edo txikiagoa dute, baina guztiek daukate oinarrizko eskubide hori espekulaziotik berreskuratzeko borondatea.
 
Etxebizitzaren arazoari egindako ekarpen kualitatiboa
 
Coop57ren azken bost urteetako lan handiak erakutsi du badagoela etxebizitza eskuratzeko beste modu bat, proiektu askorekin batera lan eginda eta 5.000.000 eurotik gora bideratuta. Hala, beste proiektu askoren eredu eta ispilu izan daitezkeen proiektu eraldatzaileak susta daitezke. Hala ere, finantza-zerbitzuen kooperatibak badaki ezin duela konpondu, ikuspegi kuantitatibotik, etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoa. 
 
Coop57k egin dezakeen ekarpenik handiena kualitatiboa da, eztabaida berriak mahaigaineratu eta sektorea jabetza kolektiboko bizitegi-eredua sustatzera bidera dezake. Aurrez aurre jartzen ditu ustiapenean oinarritutako eta ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta etekinik handiena izango duen sistema bat eta gizartean itzulkin soziala sortuko duen produkzio kooperatiboko bat. Azken eredu horrek ez du espekulatzen, bideragarria da eta, gainera, funtzionatzen du.

 

 
Sale en portada general: