Coop57k 25 urte bete dituen honetan, 1.000 entitate baino gehiago gara. Patuak egin digu opari hau, eta helburu historikoa, hain justu, kooperatibaren mendearen lehen laurdenean iritsi da.

Alabaina, zifra horiek egindako lan izugarria irudikatzeko modu labur bat besterik ez dira. Milaka pertsonak milaka ordu eman dituzte proiektu hau sortu, definitu, hazi eta sendotzeko; ez baita inorena, denona baizik. Ahalegin kolektiboa da, bizitzaren aldeko ekonomia, pertsonen, ingurunearen eta lurraldearen zerbitzurako ekonomia eraikitzen laguntzeko tresna ekonomia sozial, solidario eta eraldatzailearen esku egoteko.
 
Aldaketa horren bultzatzailea, gizarte-eraldaketaren benetako protagonista, egunero beren proiektuetan lanean ari diren mila entitate horiek dira. Gizartea eraldatzeko asmoz lan egiten duten entitate, kolektibo, talde eta pertsonak dira errealitatea aldatzera eta gizarte osoaren egoera hobetzera bultzatzen dutenak, lan egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko lanean: besteak beste,  ingurumenaren jasangarritasuna eta elikagaien, teknologiaren edo energiaren subiranotasuna helburu dituzten proiektuak bultzatzen dituzte; gizarteratze mota orotarako lan egiten dute, eta kultura nahiz sozializazio-espazioak indartzen dituzte.
 
 
Koadroko datuek labur azaltzen digute zer-nolakoak diren eta zer egiten duten entitate bazkideek. Gehienak kooperatibak eta elkarteak direla ikus daiteke; izan ere, bien artean, bazkide entitate guztien % 84 dira, eta horien oso atzetik datoz fundazioak, gizarteratze-enpresak edo autonomoak.
 
Jarduera-eremuari dagokionez, pertsona eta kolektibo espezifikoei arreta ematen dieten entitateak dira nagusi. Lau entitate bazkidetik batek gizarte-funtzio hori du, eta gizarte-ekintzaren, osasunaren, akonpainamenduaren, gizarteratzearen edota eskubideen defentsaren eremuak biltzen ditu, beste hainbat eremuren artean.  
 
Halaber, oso positibotzat jotzen dugu beste hainbat eremutako entitateak ere kooperatibaren parte izatea: ehun bat entitate dira elikadura, nekazaritza, abeltzaintza eta bidezko merkataritzakoak, kultura eraldatzailekoak eta gizarte- eta ordezkaritza-espazioetakoak. Horiek guztiek laguntzen dute ekonomia eraldatzailea egituratzen eta, komunitatearen partaidetza eta ekintza sustatuta, lurraldea antolatzen. 
 
Sale en portada general: