2019-2020 ikasturte hasiera honetan, anitzak dira Kataluniako Batzorde Feministak uda ondoren berriz jorratu edo abiarazi nahi dituen zeregin eta erronkak. Esaterako, aurten eztabaida, hausnarketa eta ezaguera sortzeko espazioak sortu nahi ditugu kooperatibaren baitan, bazkideen parte-hartzearekin batera.

Ildo horretatik, bi eztabaida proposatu dira, saio monografikoetan lantzeko. Lehenengoan, finantzaeremua ikuspegi feministatik abiatuta jorratu nahi da. Zein da diruari, zorrari edo ekonomiari buruz dugun ikuspuntua? Bestalde, interes handia bereganatu eta pil-pilean dagoen beste gai bat zaintzen sozializazioa da: nola antola gaitezke gizartemailan, zaintzen beharrizanei erantzuna eman eta erantzukidetasuna sustatzeko? Zer esan nahi du zaintzen eta lan erreproduktiboaren antolaketa sozial feministak? 
 
Batzordeak jorratu nahi duen bigarren lan-ildo zabala Coop57ren barne-protokoloak ikuspegi feministatik eguneratu eta berrikustea da. Adibidez, bazkide egin nahi diren entitateei bidaltzen zaizkien gizarte-galdetegiak eguneratzen jarraitu nahi du Batzordeak. Helburua da ikuspegi intersekzionala duten galdera batzuk txertatzea zerbitzu bazkideak gehitzeko prozesuetan kontuan hartzen diren irizpideetara. Aldi berean, nahikoa jorratu ez den beharrizan bat abian jarri nahi da: ez dago barne mailako Berdintasun Planik, ezta indarkeria matxistak aintzat hartzen dituen lan-arriskuen prebentziorako protokolorik ere. Batzordeak lurralde guztietan gaiari buruzko prestakuntza sustatu nahi du aurten, parte-hartzerako, lanerako eta erabakiak hartzeko espazioak feministago bilakatzeko. 
 
Azkenik, hilean bi aldiz biltzeko egutegia proposatu da, eta bi bilera handiago egingo dira, hemendik uztailera bitarte. Bazkide kolaboratzaileek parte har dezakete eta, beraz, Batzordeak deialdia luzatzen die lurralde-sail guztietako pertsonei, Coop57ren baitan gai horiek jorratzeko. Horretarako, Elirekin jar daitezke harremanetan, socis@coop57.coop helbidean. Horrez gain, lurralde-sail bakoitzaren Batzorde Feministak sortzea sustatu nahi da, tokiko eremuko irizpideak eta aniztasunak sortzen duen aberastasuna oso garrantzitsuak baitira halako gaietan.

Coop57 Catalunyako Batzorde Feminista