Duela ia hiru hamarkadatik hona, komunitate zapatistek autonomia-bideak eraiki dituzte eta arrastoa utzi dute gu antolatzeko moduan. Etengabe gogorarazten digute badagoela mundu desberdin ugari barne hartzen dituen mundu bat eta posible dela, zailtasunak gorabehera eta oraindik ere, mundu hori sortzea, elkarrekin borrokatzen badugu.
 
Lur-bira egingo zutela iragarri zuten zapatistek 2020ko urrian, eta Europa izango zela lehenengo geltokia. Escuadrón Zapatista 421 taldea izan zen bidaia hasten lehenengoa, 2021eko ekainean, Galiziatik abiatuta. La Extemporánea talde  apatista, tramite eta oztopo ugariren ondoren, Mexiko Hiritik aterako da Europara bidean 2021eko irailean, Bizitzaren aldeko birari ekiteko. Elkarrekin solastu eta elkarrengandik ikasteko espazioak ahalbidetuko ditu birak, bereziki, borroken egunerokotasunean bizitza erdigunean jartzen dutenen artean. 
 
Batzorde Feministan uste dugu beharrezkoa dela begirada zabaltzeko beste praktika feminista batzuez elikatzea, norberaren borroketan sakontzen jarraitzeko. Horren harira, emakume zapatisten autonomia-praktikei buruz hitz egin dugu 
Mariana Morarekin. 
 
Mexiko Hiriko Gizarte Antropologiako Ikerketa eta Goi Ikasketetarako Zentroko (CIESAS) irakaslea eta ikertzailea da Mora, feminista dekolonialen sareko kidea, eta «Política Kuxlejal» liburuaren egilea. Urte askotan zehar lagundu ditu komunitate  apatistetako prozesuak. 
 
Zapatisten autonomia eta antolaketa komunitarioa 
 
“Hasteko, Autonomia hitzari zentzua ematen dioten eguneroko elementuak aipatu nahiko nituzke”. Duela hamarkada batzuetatik hona, kide zapatistak borondatez eta taldeka antolatzen dira ekoizpen-taldeetan (baratzea, ganadua
edota artisautza lantzeko). Astean bizpahiru aldiz joaten dira espazio hauetara, bertan beren jarduerak egin, euren artean hitz egin eta politikoki prestatzeko. Salmenten bidez funts kolektibo txikiak sortzen dituzte, haien eta haien familien beharrak asetzeko (adibidez, gastu medikoak), baita ekarpen ekonomikoak egiteko ere komunitateetako mobilizazio politikoetan, jaietan edo oroitzapenezko ekitaldietan. Ezin dira bereizi tzeltal, tzotzil, tojolabal eta chol emakumeen parte-hartze politikoa eta ekoizpen-taldeak: ezin dira bereizi uzta biltzea, lurra ereitea, animaliak zaintzea eta funts errebolbenteak.
 
Kolektibo horietan garatzen dituzten esperientziatik eta gaitasunetatik abiatuta, emakume zapatistak borondatezko kargu edo erantzukizun politikoak hartzen hasi ohi dira beren komunitateetan, udalerri autonomoetan edo caracol deritzonetan.
Adibidez, Gobernu Onaren Batzordeko kide gisa parte hartzen dute. Denboraren poderioz, esparru “maskulinoetako” gaiak bere gain hartzen joan dira: lurraren jabetza aldarrikatzen dute eta horrek, era berean, autonomiaren zentzua eraldatzen du. 
 
Autonomia da lurralde bati lotutako bizitza soziala erreproduzitzeko baldintzak bermatzen dituena. Emakumeek kolektiboetan egiten dutena –ekoitzi eta diru-sarrerak lortu– oinarri kolektibo bihurtzen da, familia-egituratik harago, eta gizarte-erreprodukzioko eta biziraupen duineko baldintza horiek bermatzen dituen komunitatesarean txertatzen da. Bizitza kolektiboa sostengatzen duen horren parte da.
 
1994az geroztik, autonomiak aukera ematen du mayen, tzeltalen, tojolabalen, tzotzilen eta cholen lurraldea berreskuratu eta berriz eratzeko. Lehen urteetako lana izan zuten lurraren emankortasuna berreskuratzea (agroekologiaren bidez, lurralde osoan ezarrita duten bezala), antzinako memoria berreskuratzea eta beste erakunde indigena eta nekazariekin jakintzak partekatzea. 
 
Berreskuratutako lurretan emakumeek egiten duten lanak laguntzen du kolektiboaren erreprodukzio sozialeko baldintza horiek bermatzen. Nekazaritza, hezkuntza, osasuna, justizia eta abarreko batzordeetan parte hartzeaz gain, beren lana autonomiaren muinaren parte da. Praxi politikoak autonomiari egiten dio ekarpena, eta komunalaren erreprodukzioa bermatzen du. 
 
Pandemian, funtsezkoak izan dira emakumeen, mediku tradizionalen, emaginen eta sendatzaileen zereginak. Beren rolek are garrantzia handiagoa hartu dute. Agian, komunitateak pandemiari eman dioten erantzuna ikusita, aukera dago
jarduera mota horiek indartzen jarraitzeko. 
Sale en portada general: